Zergatik eta zertarako irakurketarako konpetentziaren garapena?
XXI. mendeko " ezagutzaren gizarteak" aldaketa sakonak dakartza berekin, eta, ondorioz, beste ezagutza eta gaitasun batzuk behar dira bertan aritzeko, ikasle guztiek eskuratu beharrekoak. Horien artean, irakurtzeko konpetentzia funtsezkoa da hiritarrek ezagutzaren gizartean parte hartzeko gai izan daitezen. Irakurmenaren izaera aldatuz ari da gizartearen eskarekin batera; horregatik, gaur egun irakurtzea ez da testua deskodetzea eta ulertzea soilik. Oinarrizko irakurketa prozesuez gain, gaur egungo irakurleek irakurketa digitalerako goi-mailako trebetasunak ere garatu behar dituzte, horrekin batera, formatu eta hizkuntza ezberdinetako testu anitzetan informazioa topatzen eta aukeratzen jakin behar dute, irakurketaren helburua betetzeko.
17/23 LEGEAK, abenduaren 21ekoak, Euskal Erkidegoko Hezkuntzarenak[1] , IV. Zioen azalpenean, gure hezkuntza-sistemaren ezugarriak zehazten ditu, hizkuntzei dagokienez: "Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, eta bi hizkuntza ofizialen bidez eta atzerriko hizkuntza baten bidez, gutxienez, antolatzen da..." Gure hezkuntza-sistemaren izaera eleaniztunak berekin dakar irakurtzeko konpetentziaren garapena era adostuan bideratu beharra, hizkuntza anitzetan eta maila ezberdinetan.
77/2023 Dekretuak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak[2] , irakurtzeko konpetentzia garatzearen beharra adierazten du bere 4. artikuluan, Oinarrizko Hezkuntzaren xedeen artean: "Oinarrizko Hezkuntzaren helburua da, haren bi etapen bidez, ahoz eta idatziz adierazteko eta ulertzeko trebetasunak... garatzea". Eta 6. artikuluan, Oinarrizko Hezkuntzaren printzipio pedagogikoen artean, irakurmenari loturiko adierazpen hau egiten du: "Irakurtzeko ohitura sustatze aldera, ikasgai guztien irakaskuntzan denbora hartu behar da era bateko eta besteko testu motak irakurtzea dakarten jardueretarako."
Euskal Autonomia Erkidegoa bi hizkuntza ofizial dituen erkidegoa izanik, euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da. Euskarari dagokionez, une honetan, normalizatzeko bidean dagoen hizkuntza gutxitua da. Beraz, euskaraz irakurtzea garrantzitsua da, bai hizkuntza ikasteko, baita haren erabilera normalizatzeko ere. Hori dela eta, irakurketa ikastetxearen lehentasunezko jardun-lerroetako bat da, eta ikastetxeak, hala izan dadin, hezkuntza-komunitateko partaideekin adostutako erabakiak hartu behar ditu. Izan ere, erabaki horietan familiek, baita inguruneak ere, beren tokia eduki behar dute, ikasleei irakurtzeko gaitasuna garatzen laguntzeko.
[1] 17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena.
[2] 77/2023 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma.